Txokoak

OIEREGIN

BERTIZKO JAURERRIA NATUR PARKEA, Interes Komunitarioko Gune bezala katalogatuta dago eta 2008tik Nafarroako Natura 2000 Sarean sartuta dago. Jaurerriaren jabetzari buruzko lehenbiziko agiria 1392koa da, Pedro Miguel Bertiz mendietako merio izendatu zuen errege Karlos III.a Prestuak. Merioa aginte handiko epailea zen. Jaurerria belaunaldiz belaunaldi transmititu zen 1884ra arte, orduan Pedro Andres de Oteizari saldu zitzaion eta honek geroago bere seme Felipe Oteizari dohaintzan eman zion. 1898an Pedro Ziga Mayo eta Dorotea Fernandez senar-emazteek erosi zuten. 1949an Pedro Ziga hil zen eta Bertizko Jaurerria testamentu bidez Foru Diputazioari utzi zion oinordetzan.

Bertizko Jaurerrian bi gune turistiko erakargarri daude.

Batetik, Bertizko lorategi historiko-artistikoa, 3,4 hektarea dituena, bertan parkeko interpretazio zentroa dago eta antzinako jabeak bizi ziren jauregia.

Bestetik, basoa, 2048 hektarea ditu, Aizkolegi mendi tontorreraino iristen diren harizti atlantiko eta pagadi handiak ditu, tontorrean gaur egun erabilerarik ez duen Aizkolegi jauregia dago.

Oieregin nabarmentzekoak dira zubi erromanikoa eta Reparazea jauregia, baita San Juan Bautista eliza eta bertako etxe tradizionalak.

NARBARTEN

Narbarten nabarmentzekoak hauexek dira: hiru begiko zubia, San Andres eliza, eta Narbarteko herrigune tradizionala.

Berezik nabarmentzekoa da Lakoizketa baserria, Jose Mari Lakoizketa botaniko famatuaren sortetxea.

LEGASAN

Legasan nabarmentzekoak dira plaza, Santa Katalina eliza eta estilo tradizionaleko etxeak.

Legasan ere Santa Lokadia ermita aurkitzen ahal dugu, bertan ospatzen da urtero santa Lokadia besta iraileko lehen igandean. Santa Lokadia ermitatik disfrutatzen diren bistak azpimarratzekoak dira.

JARDUERAK

Antzinako trenbidean oinez edo bizikletaz ibiltzeko bide aproposak daude, baita harana inguratzen duten bide publikoak.

Narbarten bertan Bidasoa Kultur Zerbitzuak (BKZ) eskaintzen dituen abentura jarduerak egin ditzakegu: zikloturismoa, piraguismoa/kayak, raftinga, tirolinak, eskalada edo paintballa beste hainbaten artean.